XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GASKONIAKO OKZITANOARENGANDIKAKO MAILEGUAK EUSKARAZ. (Zuberoako euskalkiaren azterketa bat).

Donostia, 1990-V-25. Txomin Peillen.

Egin dudan ikerlan batez da txosten hau.

Etimologia hiztegi bat abiatu omen da, eta horrek arrengura bat sor lezake ezen ez baita euskalkika, maileguen monografiarik egin aspaldixkan.

Neronek lantxo bat eman nuen Fontes Linguae Vasconum delakoan, zuberoeratik abiatuz euskalki horretako gaztelaniazko maileguen nolakotasunak aztertuz.

Tesia irakurri nuen egunean Bordeleko Unibertsitatean, Jacques Allíeresek aipatu zidan, gaskoin maileguen biltzeko egokitasuna; zoritxarrez elkarrengandik urrunxko ginen lan hori biek egiteko, zorionez, haren ikasle izana eta oraintxe lankide eta gaskoin erakasle den Salles-Loustau jaunak, mailegu batzuen segeretuak zulatzen lagundu nau, eta oroz gain beraien okzitano grafia berrian ipintzen.

] Eskerrak zor dizkiot hari bai eta euskalzale ta erromanista izan diren H. Gavel, R. Lafon, J. Allíeres-ei ere.

Hona lan honen laburpena: 1. Hitzaurrea Bederatzi orrialdetan zuberoeraren eremua mugatzen dut eta aipatzen gure probintzia horretan mintzatzen diren bi euskalkiak eta okzitanoaren gaskoin dialektoa hitzegiten duten herriak.

Zuberotarren poliglosiaz Bela-k eta Egiategi-k egin aipamenak ematen ditut eta gaur gaskoin hitzen edo hizketaren sei erabilpen motak sailkatzen.

Zuberoeraren ezagugarri nagusiak azaltzen ditut.

2. Metodologia hamar orrialdetan, lehenik. Iturriak.

1.a) Euskarazko eta idatzitakoak.

- P. Lhande, J. Larrasquet, J. Epherre, J. Casenave-ren hiztegiak arakatu ditut.